Jaialdia
ROCKAREN GARRA SU BIZITAN AZKENA ROCK FESTIVAL JAIALDIAREN LEHEN EGUNEAN
The Pretenders, Incubus, The Soundtrack of Our Lives artistek, besteak beste, berotuko dituzte agertokiak ostiralean ARF jaialdiaren hurrengo urteko edizioaren egunak finkatuta daude: 2024ko ekainaren 20an, 21ean eta 22an izango da Lehenengo bonuak prezio berezian erosi ahal izango dira jaialdiaren egunetan
Azkena Rock Festival jaialdiak ikus-entzuleekin bat egin du, berriro ere, hogeita batgarren edizio honetan. Aurtengoan ere, publikoa Mendizabalara hurbildu da eta musikarik onenaz gozatzeko aukera izan du rock & rolleko jaialdi handi honen agertokietan.
Gaurko egunean, eguraldi ona eta hainbat belaunalditako ikus-entzuleak izan dira nagusi; Liher taldekoak izan dira lehenak eta, haien atzetik, ozeanoaren beste aldetik, brasildar garagearen aitzindariak iritsi dira: Os Mutantes.
Dudarik gabe, Steve Earle birtuosoaren emanaldia izan da eguneko zirraragarriena, bere abesti klasikoenak bakarka eta akustikoan jo dituelarik. El Drogasek argi eta garbi utzi du, berriro ere, Estatuko rockaren historian baduela zeresanik, ikus-entzule guztiak hunkitzea lortu baitu Barricadaren errepertorioarekin. Iluntasunarekin batera, Lydia Lunch Retrovirus zirikatzaile kontrakulturala eta 90eko punkaren indarberritzearen adierazgarri diren Rancid taldekoak igo dira agertoki gainera, eta gaueko goraldia izan direla esan daiteke, Monster Magneten kontzertuarekin batera. Trashville ezin ahaztu; izan ere, karpa horretan, jaialdiaren barruko kontzertu-areto horretako jarraitzaile leialen eta interpreteen arteko mugak lausotu egiten baitira. Bertan izan dira gaur The Kaisers, Nestter Donuts eta Generador.
OSTIRALARI EKITEKO, ANDRE MARIA ZURIAREN PLAZAN THE FUZILLIS ARITUKO DIRA ETA, JARRAITZEKO, MENDIZABALAN, INCUBUS,THE PRETENDERS ETA THE SOUNDTRACK OF OUR LIVES, BESTEAK BESTE
Bihar 13:30ean hasiko da jaialdia; The Fuzillis taldekoak Andre Maria Zuriaren plazan dagoen ARFren seigarren agertokira igoko dira, eta ikus-entzuleek sarrera libre izango dute. Rockak arratsaldean jarraituko du, Mendizabalan, 17:30etik aurrera; bertan arituko dira The Pretenders, Estatuan emango duen kontzertu bakarrean; Incubusen ezinbesteko rock alternatiboa, Bones of Minerva madrildarren stonerra, Calexicoren muga-soinua, Cordovas taldearen country-rocka, Earthlessen psikodelia, The Guapos supertaldea Leiva buru duela, definitu ezin diren Gwar, Matchbox rockabilly mitikoak, Pasadena gasteiztarrak, S8Nnt Elektricen rock berritzailea, The Soundtrack Of Our Lives taldearen berrelkartzea eta jaialdira lehen aldiz datozen Undertones mitikoak.
Trashville kea dariola jarriko da The Cleopatras taldearen surf eta garagearekin, Hola Ghost danimarkarrekin, The Reverend Peyton’s Big Damn Banden redneck espirituarekin, Los Tiki Phantoms kataluniar geldiezinekin, eta DJ sorta baten saio basatienekin, hala nola Belle Brown, Holly Note vs. Mad Cobra duelua, The Legendary Sheiks eta Meow aka Nu Dj.
MENDIZABALAN IZANGO DA ARF 2024 JAIALDIA EKAINAREN 20AN, 21EAN ETA 22AN
Ateak zabaltzearekin batera, ARF jaialdia hurrengo urtean noiz izango den jakin dugu; hain zuzen ere, beti bezala, ekaineko hirugarren astean, hau da, 2024ko ekainaren 20an, 21ean eta 22an, Gasteizko Mendizabalan. Lehenengo bonuak salgai daude, eta jaialdiaren esparruan dagoen info pointean soilik eros daitezke, 105 euroko prezio berezian.