Orsai taldeko partaideak futbolari profesionalak dira:  Asier Villalibre, Óscar De Marcos, Mikel Balenziaga, Mikel Vesga, Dani García eta Iñigo Lekue 

“One Club Men” abestia eskuragarri dago jada plataforma digital guztietan 

Futbolari profesionalez osatutako rock taldea da Orsai; honako hauek dira kideak: Asier Villalibre (ahotsa eta tronpeta), Óscar De Marcos (gitarra), Mikel Balenziaga (gitarra), Mikel Vesga (gitarra), Dani García (bateria) eta Iñigo Lekue (baxua)Lagun arteko txantxa–denbora-pasa–”ezetz…” moduan sortu zen taldea, jokalekutik kanpo ere musikarekiko zaletasun handia baitute guztiek.

19-20 denboraldi-aurrean, taldeko sei kideetatik De Marcos baino ez zen ongi samar moldatzen gitarrarekin. Inolako asmo profesionalik gabe, baina horrelako erronkek pizten duten gogo eta ilusio guztiarekin, lokal bat alokatu zuten, entseatzen hasi ziren eta baita eskolak hartzen ere, teknika hobetzearren. Kontua serioago bihurtzen hasi zen 2019ko Gabonetan; izan ere, EITBren kontzertu batean parte hartu zuten eta Itoiz talde mitikoaren “Lau Teilatu” abestiaren bertsioa jo zuten. Eta jendeari gustatu egin zitzaion, antza. 

“One Club Men” da Orsai taldeak kaleratu duen lehen “futbol-rock” abestia; formatu digitalean argitaratu dute Oso Polita diskoetxearekin, eta zaleei musika biziaraztea da euren helburua, taldekideak entsegu-lokalean jotzeko elkartzen diren bakoitzean bizi duten moduan. “Komunitateko, senidetasuneko… ereserkia izatea nahi dugu. Online pokerrean jokatu ordez, rock-a egitea gogoko duen lagun kuadrilla batena“, diote. Zeren “One Club Men” abestiak garaipenaren ondoko ospakizuna gogorarazten du, porrotaren ondoko besarkada kontsolagarria, kaleak festaz eta algaraz gainezka jartzen dituzten zaletuak –zenbat sumatzen dugun berotasun horren hutsunea!–, eta, aldi berean, leialtasunaren, fideltasunaren, kidetasunaren sinonimo ere bada. 

Orsai taldearen abestiaren izenburua Athletic Club taldeak 2015. urtetik ematen duen sari batekin loturik dago, hain zuzen ere, kirol-karrera osoa talde berean egin duten futbolariei ematen dien One Club Men/Women sariarekin; normalki, txiki-txikitatik talde horren jarraitzaile izan direlako egiten dute karrera osoa klub berean. Saridun gehientsuenek beste klub batzuetako eskaintzei uko egin izan diete; horregatik, One Club Men/Women saria zure bizitzako taldearekiko leialtasunari emandako saria da, Athletic Clubekiko leialtasunari.

“One Club Men” abestian energia eta bizitasuna dira nagusi. Presta zaitez abesteko eta harmailetako beroa sentitzeko.

Irakurlearentzako oharra: Orsai taldeak ez du elkarrizketarik egingo, eta ez du kontzertuak egiteko asmorik, etorkizun hurbilean. Taldeak entseguak egiten jarraituko du eta, batez ere, musikarekiko pasioaz gozatzen, bestelako asmorik gabe… Koreatzen/informatzen jarraituko dugu!

Deskarga ezazu “One Club Men” singlea + Orsai taldearen press kit-a


Partekatu