Azkena Rock jaialdiaren 20. urteurrena rock musikari onenekin ospatuko dugu
Patti Smith and Band, The Offspring, Brian Wilson, Emmylou Harris, Social Distortion, Suzi Quatro, L7, Fu Manchu, Drive-By Truckers eta Daniel Romano artista ospetsuak, besteak beste, igoko dira Mendizabalako oholtza gainera jaialdiaren 20. urteurrena ospatzeko eta, gainera, 3 eguneko edizio berezia izango da
Sarrerak gaur jarriko dira salgai, eta aurreko ediziorako erositako sarrerek 2022rako ere balio dute
Gaur hasi beharko zukeen ARF 21 jaialdiak, eta gaur iragarriko ditugu 2022ko ekainaren 16an, 17an eta 18an Mendizabalan elkartuko diren artisten lehen izenak.Jaialdiaren 20. urteurrena ospatzeko, artista ezagun-ezagunak ekarriko ditugu, hala nola Patti Smith, The Offspring, Brian Wilson, Social Distortion, Emmylou Harris country-aren legenda, edo Suzi Quatro rock-aren aitzindaria, baita jaialdiko ikus-entzuleek bereziki maite dituzten taldeak ere: L7, Drive-by Truckers, Fu Manchu edo Daniel Romano. Izen horietaz gain, rock izar gehiago ere izango dira jaialdiko artisten zerrendan, eta gehientsuenak kontzertu esklusiboa ematera etorriko dira; 3 egunez musika bizi-bizi izango dugu edizio berezi horretan, jaialdiaren sustraietara atzera itzuli nahian.
BURNING SINCE 2002
Horixe da Azkena Rock Festival jaialdiaren leloa. Itxuraz ideia sinplea da, baina gertaera gogoangarri ugari biltzen ditu: 20 urte betetzea, eta irautea ez ezik, finkatzea ere, bidean galtzen direnak asko diren panorama batean. Bi hamarkada daramatzagu rock’n’roll-aren historia idazten, eta taldeak etxean egongo balira bezala sentitzen dira gure artean; izan ere, behin jo izan dutenak errepikatzeko irrikaz egoten dira, eta oraindik etorri ez direnek iritsi beharreko jomugatzat hartzen dituzte gure agertokiak, bai baitakite, ongi jakin ere, gurea ez dela jaialdi arrunt bat. Mendizabalako eta Andre Maria Zuriako oholtzetatik igaro diren banda guztien izenak batuko bagenitu, jaialdiaren handitasuna argi eta garbi adieraziko lukeen irudia lortuko genuke, baita azken 50 urteotako rockaren historiaren beraren irudia ere.
Urteurren biribil-biribila izaki, Azkena Rock Festival jaialdiak izan dezakeen amabitxirik onena izango dugu: Patti Smith. 60ko hamarkadan hasi zenetik, jo ta ke dabil eta gaur egun, oraindik ere, bai rockaren historian, bai herri kulturan, oro har, artistarik garrantzitsuenetako bat eta errespetatuenetako bat dela esan daiteke, bere musika-dimentsioa estu-estu loturik baitago bere poeta eta aktibista alderdiekin. Bere ondoko belaunaldi guztietarako erreferentzia bihurtuta, “punkaren amabitxiak” (eta, orain, ARF 22 jaialdiaren amabitxi ere bada) berekin batera ahotsa altxatzera gonbidatuko gaitu Mendizabalan, askatasunaz eta ezinbesteko aldarrikapenaz baliatze aldera.
Eta aparteko amabitxiarekin batera, maila bereko aitabitxia: Brian Wilson, herri musikaren funtsezko figura, Beach Boys taldearen arima eta hirurogeita hamarreko hamarkadan pop-aren kontzeptua beste dimentsio batera, gaur egungo artistek ere nekez lortuko luketen dimentsio batera, eraman izanaren erantzule; Good Vibrations Tour izeneko biraren barruan etorriko da Gasteiza eta, kontzertu esklusibo batean, bere arrakasta guztiak gogoraraziko ditu. Ahaztezin izateko itxura guztia du hitzorduak.
Punk-a mundu osoan milioika jarraitzaile dituen genero bihurtzeko balentria egin zuten taldeen artetik garrantzitsuena, agian, izango da The Offspring; 90eko hamarkadan ‘Smash’ albuma argitaratu eta mundu osoan lortu zuten ospea. Haien legenda etengabe areagotu da harrezkero; duela hilabete gutxi ‘Let The Bad Times Roll’ diskoa kaleratu dute eta horixe da, hain justu, guk hurrengo urtean Mendizabalan egin nahi duguna. Gainera, taldea zuzenean ikusteko aukera bakarra izango da.
2021. urterako iragarri genituen artistei eusten saiatu gara jaialdian, baina urteurrena ospatzeko goi-mailako izen gehiago ekarri nahi izan ditugu. Besteak beste, Emmylou Harris, countryaren ahots garrantzitsuenetako bat, Bob Dylanek edo Neil Youngek miresten dutena. ARF 22 jaialdiko emanaldia Estatuan eskainiko duen kontzertu bakarra izango da, eta ziur gaude urteko musika-ekitaldi garrantzitsuenetako bat izango dela.
Social Distortion taldea ere urteurrena ospatzen ari da, taldeak 40 urte bete ditu eta; hamarkada batez gure lurralde hauetara hurbildu gabe egon ostean, azkenazaleen komunitatea eta Kaliforniako punkaren zale guztiak gehien poztuko dituen izenetako bat dela esan dezakegu.
Izen mitiko gehiago ere aurkituko ditugu zerrendan: Suzi Quatro, front woman rola hartu zuen lehen emakumea izan zen 70eko hamarkadan, eta erreferente bihurtu zen bere atzetik zetozen emakumeentzat, hala nola Joan Jett (Suzi Quatro bere mentore izan zela dio), Patti Smith, Debbie Harry, Chrissie Hynde edo Donita Sparks. Donita Sparks bera ere etorriko da Mendizabalara L7 taldearekin; rockaren historian garrantzi handiko taldea da, grunge estiloan eta Riot Grrrrl mugimenduan bete duen eginkizunagatik, eta ‘Bricks Are Heavy’ disko ezagunaren 30. urteurrenean datoz gure artera.
Gitarra astunen soinua eta kezka handirik gabeko letrak ekarriko dizkigu Fu Manchu taldeak, eta hauek ere 30 urteko ibilbidea ospatzera etorriko dira, bati baino gehiagori hegan eginaraziko dion zuzeneko batekin. Eta hegan egiteaz ari garela, ezin aipatu gabe utzi Black Mountain taldearen rock psikodelikoa; ziurrenik, edizio honetan ikusi ahal izango dugun esperientziarik lisergikoena izango da.
Rock amerikarra beti izan da jaialdiko genero garrantzitsuenetako bat eta, 20. urteurrena ospatzeko, Azkenak lehen lerroko enbaxadoreak ekarriko ditu: hasteko, Drive-By Truckers talde bikaina; itzal handiko talde horrek Azkena aukeratu du Estatura itzultzeko, zortzi urtez etorri gabe egon ondoren. Bestalde, Marcus King talentu gaztea ere izango dugu; hegoaldeko rock kutsuko gitarra eta soul peto-petoa den ahotsa, bere azken disko bikainean erakutsi zuen moduan –Black Keys taldeko Dan Auerbach izan du ekoizle–. Daniel Romanok zuku handia atera zion konfinamenduari, eta 2020an bederatzi disko kaleratu zituen; Estatura dator berriro, erakutsi nahi baitu askok zergatik esaten duten Bob Dylan berria dela. Horietaz gain, countryaren eta folkaren antiheroi Shooter Jennings (Waylon mitikoaren semea) edo Chuck Prophet handia, zeinak lan ezin hobeak kaleratu izan dituen bata bestearen atzetik bakarkako bideari ekin dionetik, 80ko hamarkadan Green On Red taldearekin batera panorama amerikarra irauli ostean. Horiek guztiek ere kontzertu esklusiboa emango dute 2022ko Azkenan.
Eta gehiago ere izango ditugu, hala nola Reverend Horton Heat ikonikoak eta beren “countryaz gizendutako punkabilly-a” taldearen lotsagabekeria, The Faithless gasteiztarren metala, edo Wicked Wizard bizkaitarren stoner sendoa. Izen horiek baieztatuta ditugu, jada, lehen txanda honetan, Azkena Rock Festival jaialdiaren 20. urteurrena ospatzeko ediziorako, eta bi hamarkada hauetan erabateko leialtasunez (pandemiak pandemia) jarraitzaile sutsu izan ditugun rock’n’roller-en komunitatearekin batera, rockaren legendak zuzenean lehen aldiz ikusteko irrikaz dauden rockzale gazte andana ere espero dugu.
AZKENA ROCK FESTIVAL
Mendizabala, Gasteiz
2022ko ekainak 16, 17 eta 18
PATTI SMITH AND BAND
THE OFFSPRING
BRIAN WILSON
EMMYLOU HARRIS
SOCIAL DISTORTION
SUZI QUATRO
L7
FU MANCHU 30TH ANNIVERSARY
DRIVE-BY TRUCKERS
MARCUS KING
BLACK MOUNTAIN
DANIEL ROMANO’S OUTFIT
REVEREND HORTON HEAT
SHOOTER JENNINGS
CHUCK PROPHET AND THE MISSION EXPRESS
THE FAITHLESS
WICKED WIZZARD
…
Bonua: 145€
Bonua + kanpina: 160€
Epeka eskuragarri
Salmenta: azkenarockfestival.com