Taldearen lehen EParen hirugarren aurrerapena argitaratu da gaur, Txin Txin eta Egunak uzten ez didanetan singleen atzetik.

Mirua talde gipuzkoar gazteak Harrobia saria irabazi zuen Gaztea irratiko maketa-lehiaketaren 2021eko edizioan, eta, gaur, Chill Mafiako Kilikirekin batera, Basakabi kaleratu dute, musika estilo desberdinetara moldatzeko eta egokitzeko duten erraztasunaren adierazgarri. 2019an sortu zuten taldea Maitane Iruiñek eta Malentxo eta Mattin Zeberio anai-arrebek, eta musika-estilo berezi-berezia dute, pop klasikoko melodia eta instrumentuak elektronikarekin eta indie esperimentalenarekin uztartzen baitituzte. Alderdi lirikoari dagokionez, Miruak eta Kilikik argi adierazi dute telesailetako maitasun-istorio tipikoak gorroto dituztela, estereotipoz josita daudenez. Ideia hori argi geratu da, berriro ere, singlearekin batera umorearen ildotik egin duten bideoklipean; MattinTelmo Basterretxea eta Mikel Fernández izan dira bideokliparen zuzendariak, eta ETBko Go!azen nerabeentzako telesaileko eszena ikoniko bati omenaldia egin diote, bere belaunaldia hazi zeneko seriea. Mattinek produzitu duen singlea sintetizadorearen melodia alai batean, batik bat, oinarritzen da, eta single osoan jarraitzen du, hyperpop joera berria izanik inspirazio-iturri, Charli XCX, Chill Mafia edo Mura Masa artisten ildoari jarraikiz. Azken batean, Basakabi pop pieza alai eta atsegingarria da, eta ezin izango duzu burutik atera datozen egunotan.

Partekatu