Queens Of The Stone Age, Sheryl Crow eta Arde Bogotá taldeak ARF 24 jaialdirako lehen baieztapena
Azkena Rock Festival jaialdirako sarrerak azaroaren 10ean, ostiralean, jarriko dira salgai, 10:00etan
Azkena Rock Festival jaialdiko anpliak berriro piztu eta bolumena ahalik eta goren igoko dugu, 2024ko ekainaren 20, 21 eta 22an Gasteizko Mendizabalan elkartuko garela iragartzeko. ARFren betiko ezaugarrietako bat izan da rock & rolla bere zabaltasun osoan hartzen duela, jaialdiaren nortasunarekin bat datorren espiritua baitu, eta horren erakusgarri da gaur aurkeztuko dugun artisten aurrerapena: Queens Of The Stone Age, Sheryl Crow, Arde Bogotá, Glen Hansard edo Ty Segall, besteak beste, etorriko dira.
Hemen da, berriro ere, zuzeneko musikarekin huts egin ezinezko hitzordua, eta gure 22 urteko bide honetan gurekin izan zaretenoi eskerrak emate aldera, jaialdirako sarreren aurresalmenta bat egingo du bihartik ostegunera bitarte, aurreko edizioren batera joan direnentzat soilik. Sarreren salmenta orokorra azaroaren 10ean, ostiralean, hasiko da, 10:00etan, Sarreren atalean.
Queens Of The Stone Age taldea hondeamakina baten antzera dator ARF 24 jaialdira In Times New Roman disko berriarekin, argi utzirik egungo ezinbesteko taldeetako bat direla, baita rockaren Olinpoko eskubide osoko kide ere. Izan ere, Azkenako ikus-entzuleen ustez, jaialdian izan den inoizko zuzenekorik onena QOTSA taldeak egin zuen 2011. urtean, Josh Homme-ren taldea Euskadira etorri zen azkeneko aldian. Lotura sendoa dugu taldearekin, zeren, gainera, taldea kartelburu nagusi izan zen lehen jaialdia ARF 2005 izan baitzen. Kaliforniatik, gitarra astunek euren arrastoa utziko dute Mendizabalan, beste behin ere.
Azkena Rock Festival jaialdiaren edizio honetan, zorionez, Sheryl Crow izango dugu gurekin; musika iparramerikarraren ordezkari garrantzitsuenetakoa duela bi hamarkada baino gehiago etorri zen Estatura azken aldiz, eta plataformetan estreinatu berri den dokumentalarekin bete-betean egin du gaur egunera jauzi, bizitzan eta musikaren munduan gogor borrokatu behar izan duela eta ikono feministatzat har daitekeela argi utzita. Michael Jackson-en korista izaten hasi zen 18 hilabetez, baina nortasun eta ausardia handikoa zela frogatu zuen, bere karrera abiarazi eta erabaki guzti-guztiak berak hartutako disko arrakastatsuak kaleratzen hasi zenean. Country, rock, pop, folk edo blues estiloekin jolasean, hit atenporalak sortzeaz gain, rockaren munduan gora egitea lortu du, gizon askoren gainetik. Bere ibilbidean zehar egindako kolaborazioen zerrenda amaigabea da, baina bat edo beste nabarmentzearren, rock izar hauek aipatuko ditugu: Rolling Stones, Jason Isbell, Loretta Lynn, Johnny Cash, Stevie Nicks edo Willie Nelson.
Zenbaiten ustez Estatuko rockaren salbatzaile izaki, Arde Bogotá taldea unerik onenean dago, bira berriaren barruan aretoetan eskaintzen ari diren kontzertu guztietan sarrerak agortzen dira eta. Asko zaindutako produkzioa eta indar eta sentimenduz jositako letrak dira talde honen diskografiaren oinarri, non Arctic Monkeys, Foo Fighters edo Héroes del Silencio taldeen eragina nabaria den. Arde Bogotá, gainera, Azkena Rock Festival jaialdiaren sare sozialetan jendeak gehien eskatzen duen taldeetako bat da.
Primerako aukera Azkena Rock Festival 2024rako
Ohikoa denez, Azkenako kartelean harribitxi ugari bildu ditugu.
Glen Hansard duela bi aste argitaratutako disko berriarekin dator. Irlandarra kalean hasi zen musika jotzen, Once filmeko bere pertsonaia bezalaxe; film horri esker, Jatorrizko Abesti Onenaren Oscar saria irabazi duen autore independente bakanetako bat da. Esperientzia horren guztiaren ondorioz, agertoki gainean dena ematen ikasi du eta bere zuzeneko bakoitza epikoa izaten da.
Emankor eta eklektiko dira Ty Segall artista hobekien definitzen duten adjektiboak, rock, psikodelia edo folk estiloak ezin hobeki nahasten baititu beti.
St. Paul & The Broken Bones soul taldea Alabaman sortu zen 2012an, eta retro soinua bere modura moldatzen du
Nashville-tik, All Them Witches taldearen neo-psikodelia eta blues iluna iritsiko zaizkigu, Blue Cheer edo Black Sabbath zaleentzako belaunaldi-erreleboa.
The Detroit Cobras taldea RoboCop filmeko hiriko garaje mundutik dator, eta Marcus Durant kide berria fitxatu dute duela gutxi, bokalista izateko; Durant 2018an ere izan genuen Azkenan, MC50 taldearekin.
Laurogeiko hamarkadaren hasieran Paisley Undergrounda sortu zuten taldeetako bat The Rain Parade izan zen; mendebaldeko kostaldeko hainbat talderen aliantza bat egin zuten, hirurogeiko hamarkadako garai psikodelikoa izanik inspirazio-iturri. ARF jaialdian egingo dute Estatuko kontzertu bakarra, eta 30 urtean grabatu duten lehen estudioko lana aurkeztuko dute.
Taldeko abeslaria zen Kike Turmix hil zenetik ia bi hamarkada igaro diren honetan, The Pleasure Fuckers punk talde madrildarra berriro elkartu da Azkena Rock Festival jaialdian kontzertu bat eta bakarra emateko, The Humpers taldeko Scott Drake izanik abeslaria.
Fleetwood Mac edo Led Zeppelin taldeen eraginpean etorriko dira Azkenara Irlandatik Dea Matrona taldeko neska gazte ahaldunduak, rock klasiko eta gitarreroa eginez.
Eusko labeldun rocka
Euskadi eta Nafarroa kalitate handiko rock taldeen harrobi izan dira historikoki. Oraingoan, aukera polita egin dugu: hasteko, Π L.T. metal taldearen itzulera aipatuko dugu; 90eko hamarkadan Mungian sortu zen taldea eta, 2017an berriz biltzeko saialdi labur bat egin ostean, indar betez datoz orain, besteak beste, gure mugetatik at ere iritsi zen Hil da jainkoa ereserkiarekin.
Lendakaris Muertos punk talde nafarrak jarraitzaile sutsu ugari ditu, protestatik bezainbeste katxondeotik ere baduen proposamenarekin, eta bi hamarkada baino gehiago daramate bide horretan.
ARF 23 jaialdiaren azkeneko egunean euri-zaparrada galanta bota zuen arratsaldeko lehen orduan, eta gaur egungo euskal rockean punta-puntakoak diren bi taldek ezin izan zuten jo; beraz, aurten berriro ere sartu ditugu gure kartelean: Brigade Loco, zale ugari dituen punk taldea, eta Ezpalak, euskaraz egindako musika alternatiboaren erreferentea azken urteotan.
Horietaz gain, Gasteizko Moonshine Wagon taldea izango dugu, heavy-bluegrass estiloan erreferentea dena, baita Txopet ere; azken hori Bilboko rock alternatibo berriaren inguruan mugitzen da, eta Gaztea irratiko maketa-lehiaketaren irabazle izan zen (bere garaian Π L.T. izan zen bezala). Zalantzarik gabe, gertutik jarraitu beharreko talde horietako bat.
Raisa Álavak diseinatu du ARF 2024 jaialdiaren irudia
Edizio honetako kartela Raisa Álava artista eta ilustratzaile arabarrak egin du; besteak beste, 2023ko Toureko kartela eta The New York Times argitalpenerako piezak ere egin ditu. Komikia eta musika ditu, besteak beste, ohiko erreferentzia, eta, kasu honetan, entsegu-lokalak ez ezik, gitarra elektrikoak jotzeko ezinbestekoak diren jack kableak eta pedalak ere izan ditu inspirazio-iturri.
Azkena Rock Festival –edo zale leialenentzat ARF– rock n’ roll jaialdi garrantzitsuenetako bat da, huts egin ezinezko hitzordua musika-estilo hori aldaera guztietan maite dugunontzat. 22 urte daramatza ARF jaialdiak rock n’ rollaren historia idazten, lehenengo ediziotik nazioarteko rock izar handienak ekarrita. Guztira, 48.500 rockzale bildu ziren Azkena Rock Festival jaialdiaren azken edizioan. Gasteiz Green Capitalean izango dugu hurrengo hitzordua rock n’ rollarekin, 2024ko ekainaren 20tik 22ra bitarte.
Azkena Rock Festival 2024ko ekainaren 20an, 21ean eta 22an izango da Mendizabala, Vitoria-Gasteiz QUEENS OF THE STONE AGE SHERYL CROW ALL THEM WITCHES – ARDE BOGOTÁ GLEN HANSARD – THE PLEASURE FUCKERS TY SEGALL – ST. PAUL & THE BROKEN BONES Π L.T. – BRIGADE LOCO – DEA MATRONA THE DETROIT COBRAS – EZPALAK LENDAKARIS MUERTOS – MOONSHINE WAGON THE RAIN PARADE – TXOPET … Aurreko edizioren batera joan direnentzako aurre-salmenta esklusiboa: azaroaren 7ko goizeko 10:00etatik azaroaren 10eko goizeko 10:00etara Bonoaren eta Gazte bonoaren (gazteentzat merkeago) salmenta orokorra azaroaren 10ean hasiko da, goizeko 10:00etan, Sarreren atalean. |